Mugikortasunaren ezaugarriak zehazteko informazio-iturri berriak

Mugikortasunaren ezaugarriak zehazteko informazio-iturri berriak

Hiri edo lurralde bateko mugikortasunaren ezaugarriak zehaztea beti izan da lan nekeza. Pertsonen mugimenduak askotarikoak dira, pertsonok askotarikoak garen bezala, eta aniztasun horren “erretratua egitea” ez da inoiz lan erraza.

Hala ere, ezinbestekoa da egitea; izan ere, Administrazioek eta Operadoreek mugikortasun-eskaria modu eraginkorrean asetzeko erabiliko dituzten baliabideak behar bezala planifikatzeko modu bakarra da.

Tradizioz, inkestak izan dira leku jakin bateko mugikortasuna ezagutzeko informazio-iturri nagusia. Informazio osoena biltzeko modua da, galdera zehatzenak egin baitaitezke eta, beraz, erantzun zehatzenak lortu.

Hala eta guztiz ere, teknika horien Akilesen orpoa bolumena izan da beti, hau da, inkesta egin dakiekeen pertsonen kopuru mugatua. Zailtasun honi beste batzuk gehitu zaizkio, hala nola etxez etxeko inkestak egiteko gero eta arazo gehiago izatea (gero eta gutxiago irekitzen diegu atea ezagutzen ez ditugun pertsonei), etxean jendea aurkitzeko zailtasunak (dela aurrez aurreko inkesta, dela telefono bidezkoa egiteko), sakelako telefono-zenbakiak aurkitzeko zailtasuna, datuak babesteko gero eta lege gehiago egotea, etab.

Inkestaren emaitzak, ondoren, aforoen bidez (automatikoak edo eskuzkoak) zabaltzen ziren, kordoi-inkesten bidez, garraio publikoetan igotakoen eta jaitsitakoen datuen bidez, etab.

Gaur egun, alabaina, teknologiak eta mundu digitalak aukera ematen digute mugikortasunaren ezaugarriak zehazteko datuak ematen dizkiguten beste informazio-iturri batzuk izateko. Horrela, telefonia mugikorrak, ULS edo SAE sistemek (Ustiatzeko Laguntza Sistemak), monetikak (garraio publikoetan kontaktu gabeko txartelen bidez egindako ordainketak), ibilgailuko nabigazio-sistemek… pertsonen mugimenduei buruzko informazioa ematen digute, batzuek denbora errealean ere.

UDAREAK ETA ZUMARRAK

Galdera hau da: zer egingo dut hainbeste informaziorekin? Bada, lehenik eta behin, bere bertuteak eta gabeziak zeintzuk diren jakitea. Inkesten sendotasunak eta ahuleziak ezagutzen ditugun bezala, argi izan behar dugu iturri desberdinek zer kontatu ahal diguten eta zer ez. Ez diezaiogun udarerik eskatu zumarrari.

Datu mugikorrei, adibidez, eskatu ahal diegu kontatzeko hiri edo lurralde baten barruan pertsona asko nondik nora joaten diren egun batean zehar. Baina ez diezaiegun eskatu nola egin duten kontatzeko (garraio publikoan, ibilgailu pribatuan, bizikletaz, oinez…).

Nabigazio-sistemei desplazamenduen abiadurei buruz galdetuko diegu, baina ez joan eta etortzen diren pertsonen kopuruari buruz.

ULS bati informazioa eskatuko diogu garraio publikoaren eskaintzari buruz, haren kalitateari buruz, zerbitzuen puntualtasunari buruz, baina ez dezagun jakin nahi izan zenbat jende ontziratu den.

Monetikari eska diezaiogun eskariari buruzko informazioa, konta diezagula zein geltokitan igotzen diren eta zein geltokitan jaisten diren haren erabiltzaileak, baina ez diezaiogun eskatu asmatzea nondik datozen edo nora zihoazen, edo zergatik ari ziren mugitzen.

Izan ere, zergatik mugitzen ziren jakin nahi badugu, inkestara itzuli behar dugu, jendeak ahoz kontatu diezagula zer eta zergatik. Eta horrela zirkulua itxi.

JAKIA PRESTATZEN

Sukaldari onak eskura dituzten osagaiak hartu eta haiekin jakirik onena prestatzen dutenak omen dira. Hemen egin behar duguna horren antzekoa da.

Orain bakoitzari zer eskatu behar diogun badakigula, osagai bakoitzari probetxua ateratzeko errezeta edukitzea falta zaigu, eta hauek konbinatzen jakitea. Horretarako, iturri bakoitzetik atera ahal izango dugun informazio-bolumena zein den aztertu beharko dugu aurre egin beharreko errealitatearen arabera (ez da gauza bera oso hiri dentso baten edo landa-eskualde baten ezaugarriak zehaztea, eta ez dugu datu-eskuragarritasun bera izango), daukagun denboraren eta aurrekontuaren arabera, etab.

LUMIERE ANAIEI OMENALDIA

Nolanahi ere, aintzat hartu behar dugun ñabardura bat dago. Lehen, inkestek irudi bat ematen ziguten, leku jakin baten argazkia une jakin batean. Orain, argazki hori, etengabe informazioa ematen diguten datu-iturriei esker, pelikula bihur daiteke; hau da, behar adinako abiaduran pasatuz, irudi biziak eta mugimenduan erakusten dizkiguten fotograma bihur daiteke. Eta, horrela, mugikortasunaren irudi berritua izango dugu, berriro inkestak egiteko beharrik izan gabe, askotan lehendik ditugun edo lortzeko askoz errazagoak (eta merkeagoak) diren datuak erabiliz soilik.

Horri esker, mugikortasunaren ikuspegi eguneratua izango dugu eta, horrela, plangintza modu eraginkorragoan burutu ahal izango dugu, errealitatea hobetu ezagutuz eta baliabideak optimizatuz.

Gogoratzen duzue zein izan zen historiako lehenengo pelikuletako bat? L’Arrivée d’un train en gare de La Ciotat (Tren bat iritsi da La Ciotateko geltokira) deitzen zen, eta horixe bera erakusten zuen, tren bat geltoki batera iristen. Argazki-kamera gainditzeko garaia da, munta dezagun geure zinematografo propioa.



Ideia edo proiekturen bat daukazu? Jarri gurekin harremanetan...

    Izena (*)

    Enpresa (*)

    (*) Pribatutasun politika onartzen dut

    (*) Bete beharreko eremua

    advanced-floating-content-close-btn

    Descárgate GRATIS nuestra guía para hacer una microsimulación de tráfico: